ARTZAI GAZTAKO 4 GAZTANDEGI NAZIOARTEAN SARITUAK

La Leze, Mausitxa, Kortaria-Infernuko Gasna eta Etxelekua-Bengotxea gaztategiak, 2020ko nazioarteko “Great Taste” sarietan hainbat izar lortu dituzte beren “Artzai Gazta – Idiazabal Baserrikoa” gaztekin.

1994az geroztik Londresen ospatzen den “Great Taste” lehiaketa ospetsuan mundu osoko, europarrak nagusiki, 12.000 jaki baino gehiago biltzen dira.

Elikagaigintzako “Oscar” sari bezala ikusitako eta “Guild of Fine Food”-ek antolatzen duen edizio honetan kategoria ezberdinetan banatutako 12.777 produktu bildu dira eta 144 epaile baino gehiagok parte hartu duten hainbat kata itsuetan baloratu eta sailkatuak izan dira. Horien artean, Jose Pizarro sukaldari ospetsua eta Melissa Hemsley sukaldari, idazle eta elikagai iraunkorraren defendatzaile sutsua.

Idiazabal J.I. Artzai Gaztako gaztategiek: LA LEZE (Ilarduia-Araba) bi sari jaso ditu: 2 izar gazta naturalarekin eta beste 2 izar gazta ketuarekin; MAUSITXA (Elgoibar-Gipuzkoa): 2 izar gazta naturalarekin eta izar 1 ketuarekin. ETXELEKUA (Urdazubi-Urdax, Nafarroa) 2 izar “Bengotxea” gazta naturalarekin; KORTARIA (Lekaroz-Nafarroa) gaztategiak izar bana jaso du “Infernuko Gasna” gazta natural eta ketuarekin.

Saritutako gaztak “Great Taste 2020” zigilu berezi batekin ezberdinduko dira.

Artzai Gazta Elkartean dauden 4 gaztategi hauek bakoitzak bere larreetan bazkatzen duten etxeko Latxa artaldeko esne gordina erabiliz egiten dute gazta.

Guzti hauek Idiazabal jatorri izendapenaren barne daude eta familia hauek belaunaldiz belaunaldi lan egiteko era eta jakituria transmititzen jakin izan dute eta hainbat alditan sarituak izan dira, bai bertako zein nazioarteko lehiaketa ospetsuetan gure gazten izen ona mugaz bestalde zabalduz.

Artzai Gazta eta Idiazabal Jatorri Izendapenetik gaztategi hauek zoriondu nahi ditugu. Harro sentitzen gara gure gaztak nazioarte mailan goi mailako adituek horrelako lehiaketetan aukeratuak izateagatik. Gure ustetan honek, beste behin, artzai eta gaztagileen ahalegina, ilusioa eta lan ona goraipatzen du.